Diabetea tratatzeko era bat baino gehiago dago, eta horietako bat intsulina egunero ziztatzea da.
Pankreasen transplanteari esker gaixoa egunero intsulina ziztatu beharretik libra dezakegu, baina transplantearen porrota saihesteko beharrezkoa izaten da tratamendu inmunosupresorea eta normalean horretarako erabiltzen diren hiru medikamentuek ere nahi ez diren efektuak sortzen dituzte: azatioprinak hezur-muina kaltetzen du, ziklosporinak giltzurrunei erasan diezaieke eta esteroideak odoljario gastrointestinalak sor ditzake.
Transplantea egin zenetik 5 urtera giltzurrunetako biopsia bat eginez aztertzen baldin badira eta intsulinarekin 5 urtez tratatutako beste gaixoei egindako biopsiekin konparatzen baldin badira, ez da irabazirik izaten. Beraz giltzurrunetako funtzioa hobetzeko asmoz ezin da pankreasko transplantea defendatu.
Nazioarteko Erregistro bateko datuak erabiliz, Estatu Batuetan 1992rarte egindako 2.103 trasplanteetatik 1, 2 eta 3 urtera % 71, % 66 eta % 59 ziren hurrenez hurren oraindik funtzionatzen zutenak.
Datu hauek guztiak kontutan hartuta gaur egun ezin da pankreasen transplantea defendatu. Salbuespen bakarra intsulinarekin ezin kontrola daitekeen gaixoa, eta ondorioz bere bizia arriskuan duena, izan daiteke. Guztia alda daiteke transplantearen emaitza hobetzen bada, tratamendu inmunusupresore seguruagoak aurkitzen baldin badira eta diabetearen ondorio kaltegarrietan transplantea eraginkorragoa dela frogatzen bada.
Egoera oso ezberdina da diabetearen ondorioz giltzurrunak gutxiegitasun sakona dutenean, hau da, bizirik irauteko dialisia behar denean. Kasu honetan giltzurrunaren eta pankreasen transplante bateratua egin daiteke. Gainera, ez dakizkigun arrazoiak medio, pankreasen biziraupena hobea da errai hori bakarrik transplantatu denean baino (% 75eko biziraupena urtebetera). Hala ere transplante bikoitzari dagokionez galdera asko gelditzen da erantzuteke eta beharrezkoa da transplante bikoitza giltzurruneko transplante soilarekin konparatuko duen ikerketa ona egitea.

No hay comentarios:
Publicar un comentario