miércoles, 30 de diciembre de 2009

BIHOTZEKO TRANSPLANTEEN HISTORIA

1967ko abenduaren 3an Hegoafrikako Capetown hiriko Groote Schur Hospital-ean Christian Barnard doktoreak lehen aldiz burutu zuen bihotz-transplantea gizakian. Gertakizunak ikaragarrizko arrakasta eduki zuen komunikabideetan (oso ulergarria, bestalde), baina mundu osoko zentru medikorik ospetsuenetan ere berotasun handiz eta oso begi onez hartu zen.


Egun hartan, Louis Warkansky-k (55 urteko gizonak) beste pertsona baten bihotza munduan lehen aldiz bereganatu zuen. Denise Darvall, 25 urteko neska gaztea, trafiko-istripu batean hil zen eta haren bihotza 18 egunez bizi izan zen Warkansky-ren gorputzean, hartu zuen tratamendu inmunogutxitzaile gogorragatik arnas infekzio batek heriotza ekarri zion bitartean.


Lehen aldian, bi talde mediko aritu ziren lanean aldi berean; emailearen eta hartzailearen gorputzetan hain zuzen. Hartzailearengan odol-ponpaketa artifizialki mantentzen zen bitartean (bihotza aurrez erauzi bait zitzaion), ponpaketarako beste ekipo mekaniko batekin emailearengandik lortutako bihotzean odol-garastapena mantentzen zuten. Esan beharra dago, dena den, transplanteen teknikari hasiera eman ziona Kaliforniako Stanford Unibertsitateko Sanway doktorea izan zela; lehendabizikoz teknika 1960an deskribatu bait zuen.


Barnard-ek egindako transplanteak muga mediko eta zientifiko guztiak gainditu zituen eta publizitate ikaragarria eman zitzaion Barnard berari, “bihotz-prentsa” deitzen denaren orrialde-mordo bat betetzera iristeraino. Aitzakia guzti horiek alde batera utziz, lehenengo bihotz-transplantearen garrantzia eta ondorengoetan edukitako ondorioak zalantzarik gabekoak dira.


Lehenengoaren atzetik, bihotz-transplanteak mundu osoan zehar ugaldu ziren (gehiegitxo agian?) urtebeteko epean burutu zirenak ehundik gora izanik. Horietakoa da Barnard doktoreak berak Philip Blaiberg mediku odontologoari egin ziona (19 hilabetez iraun zuen bizirik).

Transplanteen historia ordea, zaharragoa da eta duela hirurogei urte baino gehiago hasi zen; animaliekin, modu esperimentalean.

Informazio hau zientzia. net- etik lortu dut.

No hay comentarios:

Publicar un comentario